Asteburuan txapel bi eskuratu ditu Gurutze Fradesek
Category : Orokorra
Sprint modalitatean Euskadiko txapeldun geratu da Gurutze Frades Gernikan. Horrez gainera, Durangoko duatloian deskalifikatua izan ondoren durangarrak sartutako erreklamazioa onartu egin du komite apelazioak; ondorioz, bera da distantzi laburreko Euskadiko txapelduna ere.
Errepidean eta bulegoan, bietan nagusitu da Gurutze Frades (Mugarra Triatloi Taldea) asteburuan. Alde batetik, Gernikako duatloian bigarren sailkatu zen eta lehenengo euskalduna bera izan zenez, Euskadiko txapelketa irabazi zuen sprint modalitatean (1.16.57). Lehenengo tokia Inma Pereirorentzat izan zen(1.14.05). Fradesek bakarrik egin zuen ia lasterketa osoa; Pereiro harrapatu ezin zuenez, bizikleta gainean aritu zen kilometroetan atzetik elkarlanean zetozen aurkari biekiko aldea eustera bideratu zituen indarrak. Helburua lortu zuen eta bakarrik ekin zion korrika osatu beharreko azken zatiari. Azkenean, minutu bat eta erdiko aldea atera zion hirugarren sailkatu zen Estefania Gomezi. Lasterketa berean, Abadiñoko Laubideta Triatloi Taldeko Maite Unzueta zortzigarren sailkatu zen.
Asteburuko bigarren albiste pozgarria komite apelaziotik heldu zaio. Martxoaren 31an Durangon jokatu zen duatloian bigarren sailkatu arren, epaileek deskalifikatu egin zuten (beste hainbat duatloilarigaz batera) kontrako erreia inbatu zuela argudiatuta. Erabaki hori erreklamatu ostean, komite apelazioak arrazoi eman dio. Ondorioz, lehenengo euskalduna bera izan zenez, Gurutze Frades da distantzi laburreko Euskadiko txapelduna ere. Gainera, Mugarra Triatloi Taldeko emakumeak taldekako txapeldun geratu dira distantzia laburrean. Sailkapen hori talde bereko lehenengo hiru atleten denborak gehituta erabakitzen da eta Fradesen bigarren denborarik onena beharrezkoa zuten, Jone Aizpurua eta Oihana Garciarenekin batera, txapelketa irabazteko.
Euskadiko Triatloi Federazioko komite apelazioaren ebazpenak dionez, “kontrako erreia inbaditu daiteke kasu konkretu batzuetan, asfaltua egoera txarrean dagoenean, esaterako, atletak minik hartu ez dezan”. Arrazoi ematen dion heinean, Frades gustura dago ebazpenagaz, baina argi utzi gura izan du “sekula ez zuela kontrako erreia inbaditu”. Durangoko proban, guztira, sei duatloilari deskalifikatu zituen epaile berak, zirkuituko toki berean (23. kilometroan) gainera; Frades emakumeetan, eta sailkapeneko lehenengo bostak gizonetan.
Anboto.org-tik hartua.