Vitoria Gasteizko Triatloia 2016

Vitoria Gasteizko Triatloia 2016

Category : Lasterketak

Uztailaren 10ean ospatu zen Vitoria-Gasteizko Triatloiaren X. edizioa, Full (Ironman osoa) eta Half (Ironman erdi) distantzietan. Ullibarri-Ganboa urtegi inguruan gauzatu ziren triatloiko igeri eta bizikleta atalak, eta amaiera, lasterketa, Gasteizen hasi eta amaitu zen, 10km zituen zirkuitu bati bi (Half distantzia) edo 4 (Ironman osoa) buelta emanez.

Bost taldekide izan genituen bertan: Elena Asenjo, Iskandar Alberdi eta Emi Letamendia Half distantzian eta Luis Mari Bereziartua Alberto San Antonekin batera Full distantzian. Aipatu digutenez, behe-laino itxia zela eta, probaren hasiera hiru ordu laurdenez atzeratu zen, Ullibarri-Ganboako urtegian ez baitzen boiarik ikusi ere egiten eta. Gizon eta emakume, denak batera atera ziren, 1000 kirolari inguru. Ba da urtegian belar guneren batekin topo egin zuenik ere.

Bizikleta hartuta, ziklista asko ibiltzen den Landa inguruko bideetan aurrera aritu ziren gure lagunak. Full eta Half distantzietako ibilbideak ezberdinak izanik, ez zuten elkarrekin topo egin baina pelotoiak osatzea debekatua dagoen arren (drafting esaten zaio inoren atzetik joateari), ziklista talde asko ikusi omen ziren, eta ondorioz, epaileek hainbat kirolari zigortu zuten, inoren atzetik joateagatik (drafting deritzona) edo inor aurreratzean, bidearen ezkerreko erraia erabiltzeagatik. Zigortutako kirolariak, minutu batzuk eman behar dituzte kieto-parau “penalty box” bezala ezagutzen diren gune berezietan.

Laster egiteko tenorean, beroa bihurtu zen protagonista. Goizean probaren hasiera atzeratu zenez, eguerdiko bero-sapapean osatu behar izan zituzten 21 edo 42 kilometroak. Antolakuntzak jan-edan eta freskatze gune asko eskaini bazituen ere, beroak bereak egin, eta gorriak ikusi zituzten gure kirolariek.

Batzuk errazago eta besteak majo sufrituta, denak ere “finisher” izan genituen, eta egunak pasatzeak ematen duen perspektibarekin, denak ere pozarren.

Mugarra Triatloi Taldearen partetik, ZORIONAK danori!


Artxiboa